Aurtengo Biltzar Nagusia ekainaren 11an iragan da Bidarteko ESTIA ingenieritza eskolan, ENARGIAren Biltzar Nagusiaz segitua gure ohituran bezala.

2021eko urtea bururatu dugu emaitza positibo batekin, besteak beste instalatu ditugun 2 000m² panel fotovoltaikoen ekoizpen elektrikoaren salmentari esker, baita ere instituzio publikoek finantzaturik eramaniko ikerketei esker (Hidro Ttipi eta SocialRes proiektuak).

Geroztik, 4 zentral fotovoltaiko berri instalatuak izan dira I-ENERen gandik zointarik 1 jadanik funtzionamenduan den, eta beste 4 instalazio gauzatzekotan dira.
Proiektu hauekin gure parkeak 3800m² gaindituko ditu, denak teilatu publikoetan izanki !

I-ENERekin akziodun 1 = botz 1, transizio energetikoa denen esku !

 

Bestalde, 30bat herritarren proiektu pertsonalak laguntzen ari gira autokontsumoan erabilia izanen den instalazio fotovoltaiko bat gauzatzeko haien etxean. Horietarik 8 proiektu funtzionamenduan dira orotara 220m² eguzki panel errepresentatuz.

Senpereko Zaluaga zabortegi ohiaren gainean eginen den parke fotovoltaikoari doakionez, gure proiektuak bertako ingurumenean ukanen duen eraginaren konpentsatzeko lurren xekatzen ari gira.
Lur horiek hautatuak eta prestatuak izanen dira proiektuaren lekuan diren faunak inahala hurbil leku berri bat ukan dezan.
Aurreikusitako planifikazioa proiektuarentzat :

  • 2022ko iraila : Konpentsatzio medioen finkatzea
  • 2022ko abendua : eraikitze baimenaren pausatzea
  • 2023ko lehen semestroa : Diru bilketa eta proiektu sozietatearen sortzea
  • 2023ko bigarren semestroa : Instalatzaileei eskaintza deialdia
  • 2024 : Proiektuaren gauzatzea eta martxan ezartzea

Ipar Euskal Herrian egurra energia sailaren garatzea lehentasun bat da ere bai guretzat. Adi egon, modelo berri batzu garatzen hasiko gira laster…

Bukatzeko eskertu nahiko ginuke Patxi Elissalde ESTIAko zuzendaria I-ENER eta ENARGIAri eginiko harrerarentzat bere ikastetxean, Gexine Thicoipe (GOZO GOSE) tokiko mozkinekin eginiko bufete goxo horrentzat, baita ere Biltzar Nagusiarat hurbildu ahal izan diren bazkide guziak apairu hori ohoraturik!