+33 6 45 75 54 52 info@i-ener.eus

I-ENER-en Biltzar Nagusiak 50 pertsona elkartzen ditu MAKEA-n !

I-ENER sozietate herritarraren 2018-ko Biltzar Nagusia MAKEA-ko Mindegia gelan iragan da 2018-ko ekainaren 9an. Uztaritze (2016) eta Izuratik landa (2017), I-ENER-ek bere logika segituz, bazkideak gomitatu ditu eraikitako azken instalazioaren herrian, MAKEA-n, nun 100 kWp-ko instalazioa sareari lotua izan den ekainaren 6an.

Simbolikoki MAKEA-ren hautua egiteak indar berezi bat du, jakinez MAKEA dela bazkideen arteko herri aurkeztuena. Bestalde ere, MAKEA-ko herriko etxea, lehen herria izan da I-ENER-en harpidetza hartzea.

Aktibitatearen aurkezpena

Alain DUBOIS auzapezaren sarhitza eta gero, Bixente UHALDE-k – I-ENER-eko langileak – aurkeztu du instalazio fotovoltaikoen garapena. Gaur egun, 9 instalazio martxan dira, 6 eraikitzekoak 2018-ko udan eta 25 bat proiektu gisa. Bere garapenaren segitzeko, I-ENER-ek espero du jarraitzea bazkide berri ainitzen konbentzitzen.

 

Aktibitatearen bilduma

Ondotik, Patxi BERGARA-k – administrazio kontseiluko lehendakariak – konduen aurkezpena egin du eta erabaki ezberdinen bozkak eraman ditu, aurten ere denen adostasuna lortuz.

Metanizazioari buruzko ikerketa

Iban LACOSTE-k – ikaslea ingeniaritzan, ikastaroan I-ENER-en – goiza segitu du I-ENER-ek eramaiten duen ikerketa aurkeztuz Xiberuako metanizazio potentzialari buruz. Ikerketa hortatik ateratzen da Xiberuak egiazko potentziala balukela metanizazioarendako laborantzako baliabideekin, eta bereziki hazkuntzako isurkinekin.

Helburua litaike tokiko laborantzako aktore ezberdinekin eta herri elkargoarekin lan egitea egingarritasun ikerketa baten eramaiteko. Horren ondotik erabakiko litaike proiektu konkretu baten egitea edo ez, elkartuz laborariak eta herritarrak Xiberuan edota Baxe-Nafarroan. Ikerketa hori eramanez, I-ENER-ek lehen urrats bat egiten du ezinbestekoa den aktibitatearen dibertsifikazioari buruz.

 

Ikerketa soziologikoa gobernantziarekiko

Azkenik, Claudia COLOMBAROLLI-k – ikasle zientzia politikoetan, ikastaroan I-ENER-en – aurkeztu du I-ENER-eko bazkideenganik eramaiten ari den ikerketa soziologikoa. Bazkideekin eramandako elkarrizketek helburutzat dute alde batetik haien engaiamenduaren arrazoinak ezagutzea eta bestalde haien nahikerien ezagutzea etorkizunarentzat.

Lehen elkarrizketek agerian ezarri dute kideen engaiamenduaren arrazoin nagusia dela Euskal Herriaren autonomia energetikoan parte hartzeko nahia. Herritarren parte hartzearekiko I-ENER-en, Claudiak eramandako elkarrizketetik agertzen da engaiamendua usu mugatzen dela diru parte hartze batetan eta Biltzar Nagusietako parte hartzeetan. Hala ere, orroitarazten zaie nahi duten bazkideer posible zaiela aktiboki parte hartzea I-ENER-en bizian, bere garapenaren parte handi bat borondate oneko lanean oinarritzen baita.

Elkarbanatu...
Share on Facebook
Facebook
Tweet about this on Twitter
Twitter