+33 6 45 75 54 52 info@i-ener.eus

Gure akziodunak

Akziodunen elkartasun aurrezkiari esker bizi da I-ENER. Horien arteko gehiengoa pertsonak izanki, elkarte eta enpresa batzu ere kondatzen ditugu gure akziodunetan.

akziodun gaur-egun

Gure akziodunen lekukotasuna

Laura DUBERNET

I-ENER ezagutu dut nere lan munduari esker.

Sokoa, Herrikoa eta Lurzaindiarentzat lan eginez ohartu naiz ber filosofia genuela. Gure aurrezkiak batzen ditugu gure lurraldeko proiektu ekonomikoak sostengatzeko. Lurraldeko garapen ekonomikoa, enplegua edota laborantza lurren babesa aparte, I-ENERek gehitzen du gure lurraldeari osagarri bat : herriko energia berriztagarri ekoizpena.

Proiektu hau pertsonalki ere sostengatzen dut gure lurraldearen babesan indar bat gehiago delako. I-ENER gaztea da, energiaz betea nahikeri handirekin. Guri orain haien sostengatzea, bakotxak bere heinean, handitzeko eta garatu ditzaten proiektu berriak.

Jean-Roch GUIRESSE

Nola ezagutu nuen I-ENER ?

Hurbileko lankideek aipatu zidaten azken hunen abiatzeaz: Iban Lizarralde, Stéphane Kreckelberg, Patxi Elissalde… bai eta ere ESTIA eskolan pasa ziren ingeniore batzuek: Patrick Astruc… Patxi Bergara ezagutu nuen ere Herrikoan. Ohoratzen dut haien ekimena, interesgarria da, konfientsa dute haien ahaletan eta haien egiteko moldean.

Bakotxak bere errola badu. I-ENER sobera seriosa da lekukotasun sinple baten egiteko; haien engaiamendua da, buru belarri ari dira proiektu hortan; neri da orai bizitzea beste molde bateko engaiamendu bat.

Zendako bilakatu I-ENERen akziodun ?

Lehen bai lehen hobekio aditu nuelako egun batez I-ENERek antolatzen zuela bere geroko inbertimenduak eta elkartu behar zuela finantzamendu hori. Horregatik I-ENERek segitu behar du bere diru mamia hedatzen eta horregatik ere akziodunek segitu behar dute proiektu hunen finantzatzen.

Bestalde, lan on bat pagatua ukanki, dudan etxea ongi hornitua izanki eta bizi naizenez aski xumeki, banuen aurrezki piska bat. I-ENERri fidatzea aurrezki hori, zinez arrazoizkoa da, gainera ekonomikoki eta sozialki baliagarri dena! Segi hola!

Xan BERTERRETCHE

Dutxako ur epela, saloineko argimutila, goiz ta arrats pizturik diren ordenagailu edo telebistek, denek, eta gehiagok, elektrizitatea dute energia iturri. Energia, oxigenoaren gisara, etengabe kontsumitzen dugun premiazko lehengaia bilakatua da. Kontsumo ohargabea litaike, gaurko estatuen energia politiken ondorio latzak eta hilabete undarretako fakturrak hor ez balira! Nork, nola, nun ekoizten duten gehienetan ez dakigu, batzutan segurrenik ez jakin nahi ere, deskubrituko ginukenaren lotsaz… Horrela, hitzetan arbuiatzen eta ekintzetan legitimizatzen ditugun estatu eta bizi-moduen menpe diraugu, demendreneko kontrolik gabe.

I-Enerreko akziodun izaiteko hautua egin dut kontrola puska nimino baten berreskuratzeko, gure herriaren burujabetzarako bidean urrats ttipitto baten egiteko. Horrela Euskal Herria lurralde erreferente gisa hartzen duen eta euskaraz (ere) pentsatua den proiektu koherente hau, eskuratu dituztan akzioekin sustengatzen dut, gehiago gibelatu gabe gure herria eraikitzeko, gure lurra suntsitu gabe.

Kolibria eta arrano beltza, elgarrekin xafla xafla.

Maylis IRIART

Funtsezkoa iruditzen zait eredu sozio-ekonomiko berrien sortzea eta arlo guztietan ekonomia birtokiratzea. Bihar elikadura edo energia ezegonkortasunean ez egoteko, gaur diogu erronka horri aurre egin behar.

Euskal herritarra izanki, uste dut Euskal herria eskala egokia dela proiektu iraunkorren garatzeko, subiranotasuna indartzeko eta aurrera egiteko parada emanen digutenak, ekonomia sozial eta solidarioa sortuz, gizon-emazteak errespetatzeaz gain, elikatzen gaituen Ama-lurra ere errespetatuko luketenak.

Beraz, bistakoa zen I-Ener-en bazkide bilakatuko nintzela, Euskal Herrian energia ekoizpen herritarrean parte hartzeko gisan. Areago, proiektu horrek perspektiba hobeak irekiko zituelakoan hurrengo belaunaldientzat, nahi izan dut nire alaba gazte-gaztea bazkide bilakatzea.

Orduan zergatik ez zu ?

Bixente LUCU

I-ENER ezagutu dut kasetetan, interneten, baita irratian. Proiektuari berehala interesatu naiz, energiaren arloa gutti jorratua baita ipar Euskal herrian. Proiektu iraunkorra, lokala eta herritarra da, Ipar Euskal Herriaren burujabetza energetikorako bidean azkarki parte hartuko duena.

Aportazio baten egitea erabaki dut proiektua eta eramaiten duen taldearen baitan sinesten dudalako, eta pentsatzen baitut herritarren sustenguarekin erantzun dezakela transizio energetikoaren beharrari.

Elikaduraren arloan gero eta lokalago kontsumitzen dugu. Zendako ez beste arloetan?

Pantxoa BIMBOIRE

I-ENER sozietatea bultzatzu duten 2 gazteekin elkarrizketa aberats bat izan dut eta hor sakonki ezagutu dut proiektua.

Egia errateko, biziki urrundik baizik ez nuen ezagutzen mugimendu hau, baina aurkezpena eta gero, senditu dut lagundu behar zela Euskal Herriko beste alor baten ikertzeko eta lantzeko : energiarena.

Frantziako energia modeloa zentralizatua da, ondorioz Euskal Herritik urrun dago. I-ENER-k parada ezinhobea eskaintzen du Euskal Herritarrek tokiko iniziatiba bat bultza dezagun. Horregatik I-ENERen akzioak hartu ditut. Gainera, akzioen kopuru minimoa denentzat eskuragarri izanik, zergatik ez joka?